Getxok zurrumurruen kontrako estrategia sustatuko du

Getxok Bartzelonako zurrumurruen kontrako estrategian oinarritutako komunikazio- eta sentsibilizazio-programa pilotua sustatuko du 2013an.

Getxoko Udalak zurrumurruei aurre egiteko abian jarri duen estrategiaren helburua da zalantzak sortzea, kontra egitea eta zurrumurruak ezeztatzea. Udalak UPV-EHUren Immigrazioari buruzko BEGIRUNE ikerketa-laborategiko Xabier Aierdi eta Jose Antonio Oleagarekin batera aurkeztu zuen proiektua Algortan, 40 lagun ingururen aurrean. Proiektua Open Society Fundazioaren arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako programaren barruan antolatu da eta Kultura Arteko Hirien Sareko (KAHS) jarduera bateratuetako bat da. “Asmoa da zurrumurruen kontrako agenteen sare bat sortzea, immigrazioari eta kultura-aniztasunari buruzko estereotipo kaltegarri, lelo eta gezurrezko zurrumurruei aurre egiteko; izan ere, estereotipo, lelo eta zurrumurru horiek elkarrekintza eta bizikidetza kaltetzen dituzte eta jarrera diskriminatzaile eta xenofoboak eragin ditzakete”, azaldu zien Immigrazio zinegotzi Elena Coriak ekimenaren berri jakitera bertaratu ziren elkarteetako ordezkariei eta partikularrei.

Udalak izena emateko epea ireki du, proiektu pilotuaren lehen fasean parte hartu nahi duten erakunde eta lagunek izena emateko eta lehenbiziko bileretara joateko. Bilera horietan partaideei zalantzak sortzeko eta zurrumurruei argudio eta datuekin aurre egiteko zer komunikazio-tresna erabili azalduko diete. UPV-EHUko irakasle Xabier Aierdik honako hau esan zuen: “Gure asmoa da Getxon sinesgarritasun soziala dutenek, hau da, iritzi-emaileek, konfiantza sortzea auzoan, eskolan edo jarduten duten eremuan, batetik; bestetik, migrazioari buruzko informazio zuzenagoa ematea; eta azkenik, jendea erakartzea, eta jende horrek jende gehiago (biderkatzaileak)... Era horretan zirimiria sortzea lortuko dugu, gizartea blaitzea, konfiantzatik hasi eta bigarren mailara pasatuz, eta bigarren mailatik hirugarrenera”. J. A. Oleagak, bere aldetik, azaldu zuen arazoa dela “estereotipoek jarrera baztertzaileak babesten dituztela, eta jarrera horiek banakoen mesederako direla, ez guztien edo komunitatearen onerako”.

Proiektu pilotuaren lehen fasean parte hartu nahi dutenek Getxoko Udaleko Immigrazio Unitatearekin harremanetan jarri besterik ez dute, 94 466 01 51 telefono-zenbakira deituta edo posta-helbide honetara idatzita: inmigracion@getxo.net.