Errealitate anitzak dauzkaten eta kultura arteko bizikidetzarekin konpromisoa hartu duten hiriak.
Kostan, mesetan zein uharte batean, edonon zabaltzen dira zurrumurruak!

Bartzelona

Bartzelona Kataluniako hiriburua, Mediterraneoko Batasunaren egoitza da eta Espainian biztanle gehien duen bigarren udalerria da (2012ko urtarrilaren 1ean 1.620.943 lagun bizi ziren Bartzelonan). Hiriak mendez mende integratzen joan diren hamar barruti dauzka, eta barrutietan hainbat auzo daude, bakoitza bere nortasun eta ohitura historikoekin. Auzoen administrazioa deszentralizatuta dago eta hiritarrenganako gertutasuna da ardatza.

Kataluniako hizkuntza ofiziala katalana da, baita gaztelania ere, Espainiako hizkuntza ofiziala delako. Bartzelonan bi hizkuntzak elkarrekin bizi dira eta biztanle gehienek normaltasunez ulertu, idatzi, irakurri eta erabiltzen dituzte. Hiriko biztanleen %17,4, hau da, 282.178 lagun (2012), atzerritarra da. Bartzelonan, beraz, ibilbide, hizkuntza eta kultura anitzeko jendea bizi da, eta leku egokia da bizikidetzarako eta elkarrizketarako.

Kosmopolitismoa da, dudarik gabe, hiriaren bereizgarri nagusia. Bartzelona nazioartean ospe handia duen hiri globala da, ez bakarrik biztanleria anitza delako, baita kultura, finantza, merkataritza eta turismo aldetik garrantzi handia duelako ere. Ekonomia oso dibertsifikatuta dago; arlo nagusiak dira enpresa eta eraikuntza-enpresentzako zerbitzuak, industria, merkataritza eta garraioa. Espainiatik esportatzen denaren bostenak Bartzelonan du jatorria. Bartzelona Europar Batasuneko hiri aberatsenen zerrendan bosgarren dago, krisiak Kataluniako ekonomia ere kaltetu duen arren.

Bartzelonak erronka berriak dauzka gaur egun, azken hamarkadan egoera globala eta tokian tokikoa aldatu egin direlako. Ekonomian puntako hiria da eta, alde horretatik, enpresa publikoen mugimenduaren eta atzerriko inbertsio eta kokapenen ardatz izatea du helburu. Gizarte-garapenari dagokionez, politiken asmoa da, besteak beste, Bartzelona hiritarren kultura arteko komunitate gisa aitzindari izatea, dibertsitatea aintzatetsiz, berdintasuna babestuz eta jendearen arteko elkarrekintza positiboa sustatuz; eta integratzailea eta kohesio-sortzailea izateaz gain, inguruko hirientzat erreferentzia-gune bihurtzea.

Udalaren web orria: www.bcn.cat

Xarxa BCN Antirumors web orria: www.bcnantirumors.cat

Fuenlabrada

Fuenlabradako udalerria Madrilgo hegoaldean, hiriburuko metropolialdearen kanpoaldean dago. Madrilgo erkidegoan biztanle gehien dituen laugarren udalerria da, eta 39,21 km2 dauzka. Fuenlabrada asko aldatu da azken 50 urteetan: 1960. urtean 2.908 biztanle zeuzkan eta herri nekazaria zen; gaur egun 202.266 biztanleko hiri handi bat da.

Jarduera ekonomiko nagusiak industria eta zerbitzuak dira, eta hirian industrialde garrantzitsu asko daude; Cobo Calleja, adibidez, Txinan egindako produktuak inportatzen eta banatzen dituen Espainiako industrialde nagusia da, baita Europako handienetako bat ere: 160 hektarea eta 300 biltegi dauzka, eta Espainian dauden 16.000 bazarrak hornitzen ditu.

Erroldaren arabera, 2013an 202.226 lagun bizi dira Fuenlabradan, eta horietatik 29.762 (biztanleriaren %14,7) atzerritarrak dira: %30 Europako Erkidegokoak eta gainerakoak beste herrialde batzuetakoak. Besteak beste, biztanleen %20 (6.041 lagun) Errumaniakoa da, %15,7 (4.687 lagun) Marokokoa, %8,4 (2.516) Nigeriakoa, %6,3 (1.889) Txinakoa, %5,7 Ekuadorrekoa eta beste %5,7 Kolonbiakoa. Dena den, aniztasunaren aldetik, hau da, jatorrizko herrialdea (nazionalizazioak) kontuan hartuta, ordena hau izango litzateke: Errumania, Maroko, Ekuador, Kolonbia, Nigeria, Peru eta Txina.

Fuenlabradako biztanleria Espainiakoa oro har baino gazteagoa da: estatuko batezbestekoa baino sei urte eta Madrilgo erkidegokoa baino bost urte gazteagoa. Biztanleriaren bostenak 20 urte baino gutxiagoa dauzka eta %7,5 bakarrik da 65 urte baino handiagoa. Etorkinak espainiarrak baino gazteagoak dira: etorkinek batez beste 31 urte dauzkate da eta bertakoek 37 urte.

Udalaren web orria: www.ayto-fuenlabrada.es

Getxo

Getxo Bilboko metropolialdean (Euskadi) dagoen kostaldeko udalerri bat da eta 80.598 biztanle ditu (2013/01/01). Funtsean bizitegi-eremua da. Tokiko ekonomia zerbitzu-sektorean dago oinarritua eta merkataritza- eta ostalaritza-sarea handia da; sare hori batik bat turistei begira antolatua dago.

Bi hizkuntza ofizial daude: gaztelania, batetik; eta euskara, Euskadiko berezko hizkuntza, bestetik. Udalerriko biztanleen %30 elebiduna da, %27k euskara ulertzen du eta %43k ez du euskara ulertzen, ez erabiltzen. Getxo euskara berreskuratzeko eta sustatzeko prozesu itxaropentsu batean murgilduta dago, eta asmoa da udalerrira bizitzera joaten diren atzerritar guztiek prozesu horretan parte hartzea. Euskara oinarrian hasita ari dira berreskuratzen, hezkuntza sistematik abiatuta, alegia, baina helduentzako baliabideak ere badaude, ugari, gainera.

2003. urtera arte Alemania, Italia, Frantzia eta Britainia Handiko komunitateak zeuden errotuen. Urte hartan hasi zen heltzen, hain zuzen, Europako Erkidegotik kanpoko jendea, estatuko gainerako lekuetan gertatu zen bezala, eta ordudanik immigrazio prozesua ez da eten. Getxoko biztanleen %7k atzerriko naziotasuna dauka eta %10 inguru atzerrian jaiotakoa da. Getxon bizi diren etorkin gehienak Europako Erkidegotik kanpokoak dira, batik bat Latinoamerikakoak, baina filipinar, errumaniar eta marokoar asko dago, baita ere. Kolektibo horietan gehienak emakumezkoak dira (%60) eta gazte asko dago. Etorkinak, gainera, berdin daude banatuta barrutietan, hau da, barrutietako etorkinen portzentajeak bat datoz portzentaje orokorrekin.

Udalak, 2003an, Immigrazio Unitatea sortu zuen, immigrazioaren eta aniztasunaren gestioaren alorrean aholkularitza eskaintzeko eta zeharka esku hartzeko. Lan hori Unitateak bere kasa egiten du, baina baita Udaleko beste zerbitzu edo atal batzuekin elkarlanean ere.

Getxoko Udalak, 2004tik, atzerritarrentzako Udal Harrera Sarean parte hartzen du; sare hori Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzak sustatzen du. Gainera, 2011n Intercultural Cities sarean sartu zen.

Orobat, 2012-2015 Legealdiko Planean zeregin, ikuspegi eta balioak zehaztu ziren, XXI. mendeko Getxoko kultura-artekotasuna kontuan hartuta, honako helburu hau lortze aldera: “kultura arteko hiri gisa estrategia bat zehaztea, honako hauetan oinarrituta: aniztasunaren aintzatespena, bertako eta atzerriko jendearen arteko elkarrekintzaren eta harremanaren sustapena, partaidetza politiko eta soziala eta diskriminazioaren prebentzioa hiriko arlo guztietan”.

Hiriak adierazpen publiko formal bat egin du, Udalbatzak onartu ondoren (alderdi guztietako zinegotziek aldeko botoa eman zuten), eta aitortu du Hiri Kulturaniztuna dela; adierazpen horretan, gainera, dibertsitatea gestionatzeko politika instituzionalaren ardatz nagusiak jaso dituzte.

Udalaren web orria: www.getxo.net

Immigrazio Unitatearen web orria: www.getxo.net/es/inmigracion

Sabadell

Sabadell Kataluniako hiri bat da, Vallès Occidental eskualdeko hiriburuetako bat. Sabadellen, 2013ko urtarrilean, 207.773 lagun zeuden erroldatuta. Bartzelonatik gertu dago, 26 kilometrora, eta Kataluniako hiri handienen zerrendan bosgarren dago. XIX. eta XX. mendeetan hiria Kataluniako industria-iraultzan erreferentzia-gune izan zen ehun-sektorean, eta estatuko artile-hiri garrantzitsuena bihurtu zen; hain zen garrantzitsua, Kataluniako Manchester esaten ziotela.

Hirigintza aldetik garapen ekonomikoaren urteetan hazi zen gehien, eta estatuko gainerako lurraldeetako jende ugari hartu zuen, batik bat murtziarrak eta andaluziarrak. Demokrazia garaiko lehen urteetan hazkunde demografikoaren ondorioz sortu ziren auzoak hirigintza aldetik lotzen aritu ziren; horrela eratu zen herrialdeko hiririk handienetako bat. XX. mendearen amaieran zerbitzu sektorea indartzen hasi zen eta merkataritza, negozioak eta finantza-erakundeak nagusitu ziren; ondorioz, arlo horietan langileriak gora egin zuen. Hirigintza asko aldatu zen orduan: Eix Macià sortu zen eta han pilatu zen hiriko merkataritza- eta negozio-eskaintza nagusia. Zerbitzuak eta ekipamenduak ere jarri zituzten (auzo etxeak, haurtzaindegiak, liburutegiak, jolastokiak, lorategiak…) eta, jauzi kualitatibo horren ondorioz, hiria asko aldatu zen eta herritarren bizi-kalitateak gora egin zuen.

XXI. mendean hiriak bere egin zuen informazio- eta komunikazio-teknologia berrien erronka, eta “jakintzaren hirien” sarean sartu zen. Izan ere, eskura dauzka sare ekonomiko eta sozial handi bat, informazio industrien eskarmentua, garapen horretan parte hartzeko prest dauden hiritar eta elkarteak eta, azkenik, ikasleak (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa eta goi mailako Diseinu Eskolak han daude). Hiria informazioaren eta jakintzaren gizartean erreferentzia-gune izan dadin, ezinbestekoa da etorkizuneko proiektuetan lan egiten jarraitzea, arlo publikoa eta pribatua uztartuta. Gaur egun Sabadellen 800 elkarte baino gehiago daude, hainbat arlotakoak: kultura, ingurumena, gazteria, e.a. Elkarte horietatik 56 azken urteetan sortu dira, immigrazioaren ondorioz. Erlijio- eta sinesmen-aniztasuna ere nabarmena da: zortzi erlijio-komunitate baino gehiago eta 70 gurtza-zentro baino gehiago daude (Sabadelleko sinesmen-aniztasunaren mapa: http://mapes.audir.org/sabadell/mapa.htm).

2000. urtetik gaur egun arte hiriko demografia asko aldatu da, atzerriko jendea hartu duelako, estatuko gainerako hiriek bezalaxe. Hala, Sabadellera Latinoamerika, Afrika eta Asiako hainbat herrialdetako jendea joan da bizitzera. Ondorioz, aldi horretan, hiriko atzerritarren portzentajeak gora egin du, %1etik %11,65era, hain zuzen; 2010ean portzentaje hori %13,2koa zen (iturria: biztanleen errolda, Estatistika Institutu Nazionalarena). Erroldatutako atzerriko biztanleen profilari dagokionez eta 2013ko urtarrileko datuen arabera, etorkinen %43,6 Latinoamerikakoa da (gehienak boliviarrak eta ekuadortarrak), %30,9 Afrikakoak (batik bat marokoarrak) eta %11 Asiakoak (txinatarrak eta pakistandarrak).

Udalak, 2006an, ezaugarri soziodemografiko hori kontuan hartuta eta gestio erronka berriei euste aldera, Kultura Arteko Zinegotzigoa sortu zuen. 2007an atal hori Hiritar Berrien Bulego bihurtu zen eta hiritar berriei harrera egiteko, informazioa emateko eta orientazioa eskaintzeko zerbitzuak antolatu zituzten; aurre hartu zioten, beraz, Kataluniara etorri eta bueltatutako jendearentzako Harrera Legeari, Lege hori 2010ean onartu baitzuen Kataluniako Parlamentuak.

Gauden agintaldian (2012-2016), immigrazio- eta bizikidetza-politikak Eskubide Zibilen eta Hiritarren Zinegotzigoak gestionatzen ditu. Zinegotzigo horrek, 2011-2015 Plan Zuzentzailean, helburu hauek dauzka zehaztuta atzerritarren arlorako: a) heldu berriei harrera egiteko behar diren tresnak garatzen jarraitzea, tokiko elkarteekin elkarlanean; b) asoziazionismo aktiboa sustatzea eta solaskide sare indartsu bat eratzea, gizarteratzearen, dibertsitatearen eta eskubide zibilen alde lan egin dezaten, era horretan gizarte zibila sendotzeko; c) hiritarrak sentsibilizatzea, aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiteko tresnak eskainiz, ikusmoldeen kontra modu aktiboan borroka eginez eta jarrera kritikoa sustatuz; d) kultura, elkarte eta belaunaldi arteko estrategiak garatzen dituzten proiektuekin loturak sortzea sustatzea, hartu-emanetarako, esperientziak trukatzeko eta elkar ezagutzeko espazioak sor daitezen eta dibertsitateak merezi duen balioa izan dezan.

Kultura arteko politikei eta lortutako emaitzei esker, Sabadell Espainiako Kultura Arteko Hirien Sareko kide da 2012. urtetik.

Udalaren web orria: http://www.sabadell.cat/es/

Tenerife

Tenerife Kanarietako uharte handiena da (2.034,36 km2), baita biztanle gehien duena ere (898.680 biztanle 2012ko urtarrilean). Uhartean guztira 31 udalerri daude eta hiriburua Santa Cruz de Tenerife da (149.572 biztanle); biztanleriaren joera da hiri-eremuetan pilatzea. Mende honetan Tenerifeko biztanleria asko aldatu da; hazkunde demografikoa etengabea izan da, azken urteetan moteldu egin den arren, batik bat immigrazioak behera egin duelako.

Tenerifek berezkoa du etorkinak erakartzea, eta mende aldaketako urteetan uharteetatik kanpoko jende asko joan zen hara bizitzera. Hala, jende gehiago bertaratu zen estatuko gainerako erkidegoetatik eta estatutik kanpoko herrialdeetatik artxipelagoko beste uharte batzuetatik baino. Hala, gizartea anitzagoa da: beste herrialde batzuetatik joandako biztanleen kopurua 2001ean baino 2,6 bider handiagoa zen 2011n (biztanleriaren %20,1). Orain, erroldatutako atzerritarren %89,3 Europakoa edo Amerikakoa da.

Tenerifen turismo sektorea da nagusi: 2012an ia 5 milioi turistak hartu zuten ostatu uhartean. Zerbitzua da ekonomiaren ardatza eta jarduera eta lan-merkatu nagusiak hiru eremu hauetan daude bilduta: hiriburuko konurbazioan, iparraldeko La Orotava bailaran eta hegoaldeko kostan. Atzerriko jende gehiena hiru eremu horietan bizi da eta auzoetan kultura-aniztasuna nabaria da.

Kabildoaren web orria: http://www.tenerife.es

Tenerifeko Immigrazioaren Behatokiaren web orria: http://www.obiten.net