Bartzelonako ACSAR Fundazioak Bartzelonako zurrumurruen kontrako estrategian oinarritutako proiektu bat aurkeztu zuen Open Society Foundations erakundearen Xenofobiaren Kontrako Funtsean: “Zurrumurruen kontrako estrategia, arrazakeriari aurrea hartzeko”. OSF erakundeak onartu egin zuen proiektua, jardunbide egoki horiek Sabadell, Getxo, Fuenlabrada eta Tenerifera eramateko. Bartzelonako Udalak ere parte hartzen du proiektuan, hartutako esperientzia partekatuz. Aipatu hiriak Kultura Arteko Hirien Sarean (KAHS) daude. Sare hori Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak elkarlanean sustatzen duten Europako Intercultural Cities sareari lotua dago. La Caixaren Gizarte Ekintzak ere parte hartzen du, kultura-artekotasun gaietan konprometituta dagoelako, eta KAHSi babes handia ematen dio. Azkenik, UPFko GRITIM proiektuaren kanpo-ebaluazioaz arduratzen da.

Proiektuaz arduratzen den taldeko kideak dira Dani de Torres, zuzendaria, eta Gemma Pinyol, koordinatzaile teknikoa.

ACSAR Fundazioa

ACSAR Fundazioa 2005eko martxoan sortu zuten, ACSAR Elkartearen esperientzia aurrendariek emandako fruituen ondorioz. Elkarteak, hirurogeita hamargarren hamarkadan, asiloa eta babesa duintzeko borroka hasi zuen. Fundazioaren asmoa da gaur egungo gizarteko aniztasunaren bereizgarri diren aldaketa sozialen gaineko diskurtso soziopolitiko bat sustatzea, indartzea eta hedatzea.

Fundazioaren helburuak hauek dira: ikerketak egitea eta eztabaidak sustatzea, kolektiboak hobeto ezagutzeko eta elkarrenganako errespetua sustatzeko; hedabideen bitartez gizartea sentsibilizatzea; asilo kontzeptua duintzea eta hedatzea; eta gizarte-kohesioa eta kultura arteko elkarrizketa sustatzen duten tokiko ekimen kolektiboak babestea.

Helburu horiek betez, Fundazioak etorkizunerako diskurtso soziopolitiko bat sortzen eta hedatzen du, gaur egungo gizarte aldakor eta askotarikoan denok eroso sentitzeko helburuarekin.

Proiektuko taldea

Proiektuko zuzendaria, Dani Torres, kultura arteko politiketan aditua da eta Europako Kontseiluan eta Estatu Iberoamerikarren Erakundean aholkulari lanetan aritzen da. 2013an Kultura Arteko Hirien Sareko (KAHS) zuzendaria izendatu zuten. Sare hori Europako Kontseiluak sustatzen duen Europako Intercultural Cities sareari lotua dago. Dani hirien garapen orokorrean espezializatuta dagoen Imacity aholkularitza-enpresaren sortzaileetako bat ere bada. Lehenago Bartzelonako Alkatearen Kabineteko aholkulari izan zen, eta 2007tik 2011ra Bartzelonako Immigrazio eta Kultura Arteko Elkarrizketa arloko ordezkaria ere bai; ordezkari gisa Bartzelonako Kultura Artekotasun Plana sustatu zuen, baita beste hainbat ekimen berritzaile ere, Bartzelona Zurrumurruen Kontra estrategia, adibidez.

Proiektuko koordinatzailea Gemma Pinyol da. Gemmak eskarmentu handia dauka nazioarteko migrazioen eta mugikortasunen inguruko proiektuetan; gainera, aholkularia da migrazio arloko gaietan. Halaber, UPFko GRITIM taldeko ikertzailea da eta migrazioaren gaineko gaiei buruzko hainbat artikulu idatzi ditu. Espainiako Gobernuko Immigrazio eta Emigrazioko Estatu Idazkaritzako kabineteko zuzendaria izan zen, baita CIDOB-Barcelona Centre for International Affairs erakundearen Migraciones programako arduraduna ere. Europako zenbait proiektutan parte hartu du eta Eskualdeen Batzordeko aditu izendatu zuten, Hiritartasun, Gobernantza eta Erakunde- eta Kanpo-arazoetako Batzordean haren iritziak emateko. Gainera, Instrategies-eko proiektuen zuzendaria da.

www.fundacioacsar.org

Open Society Foundations

70 herrialde baino gehiagotan aktibo dagoen Open Society Foundations-ek (OSF), demokrazia sutsu eta toleranteak sortzeko egiten du lan, eta gobernu arduratsuak dituztenak bertako herritarren aurrean. OSFk toki-komunitateekin egiten du lan eta honako gai hauei lotutako proiektuei laguntza ematen die: justizia eta giza eskubideak, adierazpen-askatasuna eta osasun publikorako sarbidea eta hezkuntza. Informazio gehiagorako ikus:

www.opensocietyfoundations.org

Europako Kontseilua

Europako Kontseilua eskualde mailako nazioarteko erakundea da. Kontseiluaren helburua da Europako estatuen elkarlanaren bitartez kontinentean espazio politiko eta juridiko komun bat eratzea, demokraziaren balioetan, giza eskubideetan eta zuzenbidezko estatuan oinarritua. Londresko Itunaren bitartez sortu zen 1949ko maiatzaren 5ean eta, beraz, Europako lurraldeak integratzeko helburua duen erakunderik zaharrena da. Horrez gain, Europako estatu guztiak biltzen dituen bakarra ere bada, salbuespenak salbuespen. Gaur egun, Europako Kontseiluan 47 herrialde daude.

Kontseiluaren lehentasun nagusiak dira, batetik, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren funtzionamendua berritzea, arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin; bestetik, gutxiengo nazionalak babestea; eta azkenik, intolerantziari aurre egitea.

Demokraziaren Zuzendaritza Nagusiaren zeregina da Europako Kontseiluaren lana babestea, gobernagarritasun demokratikoa bultzatzeko, gizarte demokratiko eramangarriak eta krisi egoeretarako erantzun demokratikoak indartzea helburu duen jardueren programa aurrera eramateko, diskriminazioaren kontra gizarte-kohesioa eta defentsa sozialak bultzatzeko, eta kultura-aniztasuna, kultura arteko elkarrizketa, herritartasun demokratikoa eta biztanle guztien partaidetza (baita haur, gazte eta gutxiengoena ere) sustatzeko.

Esparru horren barruan dago Intercultural Cities programa. Programa hori 2008an sortu zuten, Europako Batzordearekin batera antolatutako ekimen baten fruitu, eta asmoa da Europako komunitateak sendotzea; izan ere, gizartea gero eta anitzagoa da eta aniztasun hori gestionatzea erronka handia eta garrantzitsua da. Intercultural Cities programaren helburua da herriak oparoak izatea, hau da, kultura-aniztasunaren ahalmena gestionatzeko eta esploratzeko, sormena eta berrikuntza sustatzeko eta oparotasun ekonomikoa eta bizi-kalitate hobea lortzeko gai izatea.

http://www.coe.int/t/dg4/cultureheritage/culture/Cities/Default_en.asp

La Caixaren Gizarte Ekintza

La Caixa Fundazioa Caja de Ahorros y Pensiones de Barcelona kutxak 1904an sortutako irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da eta La Caixaren Gizarte Ekintzako baliabideak gestionatzeaz arduratzen da. Espainiako eta Europako fundazio pribatu handienetako bat da, eta sortu zuten jendearen ongizatea babesteko eta finantza-jarduera gauzatzen duen gizarteko premiei erantzuteko.

2012an, La Caixaren Gizarte Ekintzak 42.056 ekimen sustatu zituen; ekimen horietan 8 milioi lagun baino gehiagok parte hartu zuten. 2013an, aurrekontuaren %66,8 erabiliko dute gizarte- eta laguntza-programak garatzeko; %13,4 zientzia-, ikerketa- eta ingurumen-programetarako; %12,9 kulturarako eta %6,9 hezkuntza eta prestakuntzarako.

Gizarte Ekintzaren jarduera-eremu nagusiak hauek dira: gizarteak baztertzeko zorian dagoen jendea lan-munduan sartzea, ikasketetarako laguntza-bekak, dibulgazio kultural eta zientifikoa, gizarte-kohesioa, ingurumena, osasuna, gaixo larrientzako arreta, hezkuntza- edo baliabide-arazoak dauzkaten haurren integrazioa eta zahartze aktiboa, besteak beste.

La Caixaren Gizarte Ekintzako Kultura-artekotasun eta Gizarte-kohesio programaren helburua da kultura arteko harremanak sendotzea eta aniztasunaren erronkak gestionatzea. Horretarako hainbat jarduera gauzatzen ditu, betiere herritarrak inplikatzeko asmoarekin, herritarrak inplikatzea baita bizikidetza onaren ardatza, batik bat udal-eremuan.

obrasocial.lacaixa.es

GRITIM-UPF

Immigrazioaren inguruko diziplina arteko ikerketa taldea, GRITIM, Pompeu Fabra Unibertsitateko sail askoko talde bat da. Diziplina askotako ikertzaileak daude, baina guztien helburua da giza mugikortasunak eta immigrazioak eragiten dituzten aldaketa-prozesuen ikerketa eta gestioa berritzea. Taldearen helburu nagusia da agenda politiko eta sozialen inguruko ikerketa teoriko eta aplikatua sustatzea.

Giza mugikortasuna da globalizazio-prozesuaren gakoa. Europara etorkinak heldu eta geratu egiten dira, eta errealitate dinamiko horrek hainbat gai planteatzea eragiten du; adibidez: aldaketa sozial eta politikoen prozesuen gobernagarritasuna eta aniztasunaren eta gizarte-kohesioaren gestioa. Taldearen lana da prozesu historiko eta global horren dinamikak aztertzea, diziplinartekotasuna kontuan hartuta eta tresna kontzeptual, politiko, juridiko, sozial eta ekonomiko egokiekin. Ikertzaileen helburu nagusietako bat da Europan immigrazioa aztertzeko eta gestionatzeko ikuspegi bat zehaztea.

Hona hemen GRITIMen funtsezko lehentasunak:

  1. Diziplinartekotasuna. Gizarte-zientziak ikertzeko diziplinartekotasuna (politika, soziologia, nazioarteko harremanak, literatura, zuzenbidea, ekonomikoa eta diskurtsoak) eta aniztasun metodologikoa sustatzea.
  2. Berrikuntza. Gaur egungo eztabaida ekonomikoaren alderdi berritzaileak ikertzea eta ikerketa-agenda Europako agenda politiko eta sozialarekin lotzea.
  3. Jakintza zabaltzea. Hirugarren zikloko prestakuntza profesionala eta ikerketa arloko prestakuntza bultzatzea. Akademia, gizarte eta politika arloen artean jakintza trukatzea eta sustatzea. Ikertzaile ospetsuak, nazioartean etorkizuna duten ikertzaile gazteak eta kalitatezko erreferentziadun doktoregaiak hartzea.

http://www.upf.edu/gritim

Proiektuan parte hartzen duten hiriak eta lurraldeak

  • Bartzelonako Udala.
  • Sabadelleko Udala.
  • Getxoko Udala.
  • Fuenlabradako Udala.
  • Tenerifeko Kabildoa.